miércoles, 31 de julio de 2013

Entrevista para Hitza Info

Aziza Brahim: “Nire abestiek ezin dute ez ikusiarena egin nire herriaren egoeraren aurrean”

La Caixa bankuaren Gizarte Ekintzako Diversons zirkuituak Zarautzen egingo du geldialdia datozen egunotan, Sortaldea kultur eremuaren kanpoaldean. Bihar, Quamba afrojazz talde katalanak joko du, eta etzi, Bartzelonan bizi den Aziza Brahim musikari sahararrak; kontzertuak 20:30ean hasiko dira. UROLA KOSTAKO HITZA-k Brahimekin ( Tindufeko errefuxiatuen kanpamendua, Argelia, 1976) hitz egiteko parada izan du, bere musikari eta herriaren egoerari buruz.
AZIZA
Aziza Brahim musikari sahararra
Zer moduz doa Diversons bira?
Oso ondo doa bira, nire lana toki askotan aurkezteko aukera izaten ari bainaiz. Era berean, Estatuko eremu geografiko ezberdinak ezagutzeko parada eman dit, agertoki, soinu-ekipamendu eta publiko mota askorekin.
Etzi Zarautzera gerturatuko zara, Gulili Mankoo taldearekin. Nola definituko zenuke zure emanaldia? Nolakoa da zure kontzertu bat?
Herri zapalduentzako giza eskubideen aldeko kontzertu aldarrikatzailea da eskaintzen dudana. Hainbat musika estilo lantzen dut: bluesetik rockera edo funkera, musika tradizional sahararra ahaztu gabe, betiere.
Zuretzat tradizioak eta modernitateak ez dute zertan kontrajarriak izan, ezta?
Ez, noski. Tradizioa ez da higiezina, baizik eta etengabe eguneratu beharrekoa. Belaunaldi bakoitzak garaian garaiko kultur erreferentziekin uztartu behar du tradizioa, abe­rasteko, modernizatzeko eta norbere herrialdearen kultura garatzeko.
Batzuek gogoan izango dute Oreka TX taldearekin egin zenuen kolaborazioa, Nomadak TX proiekturako. Zer izan zen zuen zuretzat ekimen horretan parte-hartzea?
Esperientzia zoragarria izan zen. Euskal folklorearen aberastasuna ezagutzeko aukera izateaz gain, arestian azaldu dudan esperientzia artistiko horietako batean parte hartzeko abagunea izan nuen. Hain zuzen ere, txalaparta bezalako musika tresna berezi baten aurrekaririk gabeko modernizazioan, pertsona eta musikari bikainen eskutik. Haiengandik ikaragarri ikasi nuen, gainera.
Oreka TX taldeak Zarautzen du entsegu-lokala. Hori horrela, kolaborazio berezirik izango al da etziko kontzertuan?
Jakin banekien lokala zutela Zarautzen, baina ez dugu ezer aurreikusi kontzerturako. Egia esan, asko gustuko litzaidake. Baina kontzertuaz gozatzera gerturatzen badira, ni gustura.
Zure amonaren omenezko Mabruk diskoa aurkeztuko duzu zuzenean. Zer izan da zuretzat amona?
Persona zoragarria eta artista paregabea izateaz gainera, bizitzan izan dudan erreferentzia nagusia eta onena izan da niretzat. Nire idealekin kontsekuentea izaten erakutsi zidan, baita sinesten dudanagatik gezurrik edo mugarik gabe borrokatzen ere.
Fusilaren poeta izenez ezagutzen da Ljadra Mint Mabruk, zure amona. Haren lekukoa hartu al duzu?
Poesiarako eta musikarako zaletasuna igorri zidan, eta horrek eragin nabarmena izan du nigan. Haren lekukoa oso handia da. Haren mailara iritsi nahiko nuke, baina Mabruk diskoarekin omenaldi txiki bat baino ez nion egin nahi, eta, bide batez, bere lan poetikoa aldarrikatu.
Egiten duzun musika jai-girokoa da, baina, aldi berean, Mendebaldeko Saharako sufrimenduaren bozgorailua izan nahi du. Artista entzutetsu gisa, aldarrikatzeko erantzukizuna duzula sentitzen al duzu?
Ez dut erantzukizun moduan ikusten, behar bat bezala baizik . Nire abestiek ezin dute ez ikusiarena egin nire herriaren egoeraren aurrean; izan ere, nire herriaren erdian deserreritatuta dago, eta beste erdia, berriz, monarkia baten apeta inbaditzaileak zapalduta. Harresi bat eraiki dute pertsonen aurkako minez josita. Horrek munduko lurralderik minatuena bihurtu du, eta nazioarteko erakundeek zirkinik ere ez dute egiten.
«Nire herriaren askatasun aldarria da nire inspirazio nagusia», aditzera eman duzu elkarrizketetan.
Inspirazio iturri nabarmena da, zalantzarik gabe. Azken finean, konturatzen zara ez zarela etorkizun hobe batekin amesten duen pertsona bakarra, eta horrek nire kezkak adieraztera animatuarazten nau, nahiz eta mundua gero eta konplexuagoa izan.
Urola Kostan erakunde ugarik (Saharautz, Darahli…) bat egiten dute Mendebaldeko Sahararen kausarekin. Jendea gero eta kontzientziatuagoa dagoela uste al duzu?
Hala da, bai. Eta ez naiz aspertuko esaten Espainiako gizarte zibila, orokorrean, oso kontzientea eta abegitsua dela. Baina, bereziki, euskal gizarte zibila jarraibide eredugarria da.
Bestalde, datorren udazkenean disko berria kaleratuko duzu. Aurreratzerik izango zenuke zer entzun al izango den bertan?
Gai ugari jorratu ditut, ikuspegi unibertsalago batetik begiratuta. Proiektu akustikoagoa izango da, ez baita Mabruk bezain elektrikoa izango. Gogotik egin du lan bere elaborazioan, eta profesional handiekin aritu naiz elkarlanean; besteak beste, Chris Eckman ekoizlea nabarmenduko nuke. Gainera, Glitterbeat Records diskoetxe ospetsuak emango du argitara.

Hitza Info, Urola kostako albisteaz


No hay comentarios:

Google